Larramendi ikastolako bigarren batxillergoko ikasle talde bati kooperatzeko grina piztu zitzaion 2020ko neguan. Gure zorterako, gure elkartearen bitartez kooperatzeko hautua egin zuten. Haien proiektua BAT EGINIK izendatu zuten.
Ikastola batean jaiotako ideia izanda, gure elkarteak jorratzen dituen hiru (hezkuntza, osasuna eta emakumea) arloetatik, hezkuntzarenean lan egitea erabaki zuten.
Parakoun dagoen SOMO eskolako proiektua gustatu zitzaien batez ere. SOMO eskola abian zegoen, baina eskolaren eraikuntza amaitzeke zegoen. Hainbat eraikin erdi eraikiak zeuden eta beharrezkoa zen hauek amaitzea ikasle guztiak sartu ahal izateko.
Behin motibazioa lortu ondoren, nola lagundu zezaketen hasi ziren pentsatzen. Eskolak material egokia jasotzea eskertuko luke, baina kontendere batean bidali beharko litzateke. Kontenedoreak nahiko garestiak dira eta gainera kontenedore bat bidali berri genuen abenduan. Hau dela eta, zuzenean finantziazioa bilatu eta bertara bidaltzea erabaki zuten.
Finantziazioa lortzeko hainbat era proposatu eta eztabaidatu zituzten: jolastorduetan hamaiketakoa saldu, ohialezko poltsak saldu, liburuak saldu, rifa bat antolatu,… Azkenean jertseak saltzea erabaki zuten. Diseinu original eta interesgarri bat jarri zioten atzekaldean eta Beningo kapitaleko (Porto Novo) koordenadak aurrekaldean.
Jertseek harrera paregabea izan zutela kontatu digute ikasleek eta beste maila batzuetako kideen laguntza jaso zuten lana hobeto banatzeko. Ikastola osoak bat egin zuen proiektuarekin eta hainbat irakaslek ere gogotsu aritu ziren.
Hezkuntza zentrotik kanpo jertseak saltzeko, facebook eta instagram bezalako sare sozialak jarri zituzten abian. Posta elektroniko bat ere martxan jarri zuten. Hauei esker, proiektuak oihartzun handiagoa izan zuen eta Somoko eskolaren inguruko informazioa erraz eta garden zabaldu ahal izan dute.
Larramendi ikastolako ikasle hauek bazekiten haien helburuak ez zirela jertseen salmentan amaitzen. Hontaz gain, argi zuten kontzientziazio lana egin beharra zegoela eta honetarako ikastaro eta hitzaldi aberasgarriak eman ziren ikastolan bertan. Somoko eskolako proiektuaz gain, Beningo egoera orokorra ere hizpide izan zen eta saio arrakastatsuak izan direla ikusi da.